1. Gizartearen eta familien bilakaera eta familiei laguntzeko politiken gaineko eragina
Familia gizarte-eraikuntza bizi bat da, etengabe garatzen da eta gizarte-aldaketa propioekin aldatu egiten da, formalizazio-moduak, barne-egitura edo konposizioa ere aldatzen direlarik, berezko dituen funtzioak betez. |
Familia-ereduak anitzak diren arren, aho batez esan daiteke familia gizarteko antolaketa, hezkuntza eta bizikidetzarako oinarrizko egitura dela gure gizartean, lehen mailako gizarte-sare oinarrizkoena eta ezinbestekoena baita. Sare horren bidez, hain zuzen ere, pertsonek gure gizartean funtsezkoak diren afekzio, hezkuntza eta harremanetako funtzioak jaso eta ematen dituzte.
Halaber, gizarte-eraikuntza bizi hau gizarte-aldaketen menpeko eta sortzaile ere bada, eta gizartearen bilakaerak harreman zuzena dauka haren konposizioan eta barne-egituran dauden aldaketetan.
Azken urteetan, zehazki, barne-aldaketa handiak egon dira; besteak beste, bizikidetza igo egin da familia egituratzeko bide egonkor gisa (bikoteen kalterako) eta familien tamaina murriztu egin da (oraintxe bertan batez besteko tamaina 3 kide baino apur bat gehiagokoa da).
EAEn munduko biztanleria-piramide zaharrenetakoa dago, ugalkortasun-tasa baxuaren eta bizi-itxaropen altuaren ondorioz. Horrez gain, emantzipazio-adina munduko berantiarrenetakoa da, bizikidetza-tasak geroz eta altuagoak dira, eta zailtasun larriak daude familia, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko. Horrek guztiak eragin zuzena dauka jaiotza-tasaren murrizketan eta gizarte-sistemaren iraunkortasunean.
Familiei laguntzeko politikak funtsezkoak dira familia-mota desberdinak garatu ahal daitezen eta gizarte-eraikuntzako funtzio antolatzaileak guztiz bete daitezen giza sozializazioari, hezkuntzari eta bizikidetzari dagokienez. |
Adierazi dugun bezala, hainbat kanpo-faktorek dute eragina familian, eta, beraz familiei laguntzeko politiketan horiek landu ahal eta behar dira. Izan ere, familiek betetzen dituzten funtzioak beraiek soilik bete ditzaketen neurrian, herri administrazioak horiek babestu beharko ditu, kostuak konpentsatuz eta erraztasunak jarriz, baliabide eta zerbitzuak tarteko.
Esate baterako, erakunde publikoek bermatu egin beharko dute ezkontza bidez araututako bikoteek eta ezkontza bidez araututa ez daudenek eskubide berdinak dituztela, eta, era berean, politika eraginkorrak antolatu beharko dituzte, familiak nahi bezala gara daitezen (tamainari, antolaketari eta bizikidetza-ereduari dagokienez). Hori horrela, beren funtzioen garapena babestu beharko dute, neurri eta baliabide ekonomiko eraginkorren bidez.
Are gehiago, egungo beharrizanetara egokitzen den eta baliabide nahikoak dituen familiei laguntzeko politika eraginkor, integral eta malguaren bidez soilik lortuko da –beste herrialde batzuetako esperientziak islatzen duen bezala– egungo biztanleriaren zahartzeari buelta ematea eta egungo gizarte-babeseko sistema iraunkor bihurtzea.
Familiei laguntzeko politika zehatzak babestu eta garatzeko bidean, EAEn azken urteetan legegintza-esparru aurreratua ezarri da familia-aniztasunaren eskubideei eta aitortzari dagokienez. |
Familiei laguntzeko politikak ezartzeko urrats garrantzitsua familien beharrizan berrietara egokitutako legegintza-esparru bat finkatzea da.
EAEk apurka-apurka “familiaren ikuspegia” sartu du bere araugintzan. Hasiera batean arreta publikoko sistema bakoitzak bere helburu, zerbitzu, egitura eta antolaketa propio eta partikularrak zehaztu zituen, baina azken urteetan hedatu egin da zerbitzu hauek emateko moduak familiengan edo familia desberdinen beharrizan desberdinetan duen eragina, eta, horretarako, banakakoen araberako erantzunak ematen dituen korronte bat sustatu da, banakakoen ikuspegitik ere eskatu dena.
Berez, familien gaineko araudi esparru propio eta berria izateak (familiei laguntzeko 13/2008 Legearekin eta haren garapen-tresnekin bat) familiei laguntzeko politika propioa ezartzeko aukera ematen du, nahiz eta oraindik ez daukan bere eragina areagotzeko nahikoa neurri.
Euskal legegintza-esparrua aztertuta ondorioztatu daitekeenez, jauzi nabarmena egon da familia desberdinak daudela aitortu eta horiek babesteko orduan. Hala bada, gure autonomia-erkidegoan gizarte-aldetik aurreratuta dagoen legegintza-egitura bat ezarri da esparru europarraren barruan, batez ere askatasun afektibo eta sexualaren gaineko eskubideei dagokienez, edo mendetasunari, babes faltari eta bazterkeriari arreta emateko gizarte-zerbitzuen gaineko eskubideei dagokienez.
Edonola ere, egia da Euskadin oraindik ere alderdi ahulak daudela, esaterako familia, lana eta bizitza pertsonala gogotik uztartzen dela sustatzeko tresna eraginkorrak garatzearen aldeko apustu publiko oraindik eskasa, tresna gakoa dena biztanleria-piramidearen aldaketan eta garapen eta eragin handienetako elementua dena Europa mailan.
Gizartearen eta familien etengabeko bilakaera eta eraldaketaren ondorioz, gizarte-aldaketen arabera garatzen eta egokitzen den lege-esparru batek soilik ezarriko du jarduera-testuinguru egokia, EAEko familien beharrizanei erantzun eraginkorrak emateko politika publikoak ahalbidetuko dituena.
Era berean, araudi-esparru honen garapenaz gain, tresna eraginkorrak ezarri behar dira, aurrekontu-hornidura nahikoekin familiei laguntzeko babes zehatzak antolatu daitezen –batez ere haurren esparruan–. EAEn, hain zuzen ere, inplikazio baxuagoa dago eremu horretan, herrialde europar gehienen aldean.